Vistas de página en total

martes, 25 de septiembre de 2012

HAUR ESKOLAK: HAUR ZAINTZAILEAK ALA HEZITZAILEAK?




Egoera hau ikusita segidakoon iritziak jaso ditugu: Gipuzkoako Haur Eskolen Koordinakundea, Eskoriatzako Irakasle Eskolako Nerea Alzolak hezkuntza ikuspegia landu du eta Adarra Pedagogia Taldeak eta Haur Eskolen ezarpena nola ari den gauzatzen aztertu dute.
GIPUZKOAKO HAUR ESKOLEN KOORDINAKUNDEA.
Koordinakundeko Haur Eskolak (beste proiektu asko bezala) gizartean zegoen hutsune garrantzitsu bati erantzuteko jaio ziren, hainbat ekimen herrikoiei esker.

Hasierako helburua egoera sozialari lotua agertzen bazen ere, berehala iritsi ginen beste aldarrikapen honetara: «Haur Eskolak haurren eskolak dira» eta haur txikien heziketa eskubideak babestu beharko zukeen Hezkuntza Lege baten beharrean aurkitzen ginenez, hori bideratzera (Estatu mailako Koordinakundean integraturik) zuzendu genituen gure aspaldiko ahaleginak, gaur egun, LOGSE legean gauzatu dena maila handi batean.

Eredu egoki bat finkatzea izan zen abiapuntua. Haurtzaindegi ezaugarriak utzi eta heziketa zentzuan gehiago murgiltzeko, nola ezkondu familia eta haurraren beharrak proiektu bakar batean, proiektu hori, gainera, haurraren heziketarako proiektu bat izateko.

Helburua lortu dugula uste dugu. Gure haur txikien beharrei egoki erantzuten dion eredu baten jarraitzaileak garela esan dezakegu.

Administrazioak egin ditu gauzak. Hor ditugu 2 urteko gelak baimenduta, horretarako legeak ezartzen dituen zikloak puskatzen baditu ere.

Kalitatearen aldetik, bestalde, atzerakada nabarmena antzematen da. Eskola sareen konpetentziaren ondorioz, eskaintza izugarri zabaldu da eta haurren eskolak haurren kontura konpetitiboak bihurtzen ari direla ikusten ari gara, kasu gehienetan gurasoengan soilik pentsatutako eskaintza osagarriak egiten direlarik. Nork babestu behar ditu haurren eskubideak? Familian hezitzeko eskubideak, esaterako? Edota, indibidualitatea bizitzeko eskubidea?

LOGSE legeak ireki dizkigun espektatibak zurrunbilo batean sartu gaitu asko eta asko, eta denbora beharko da berriro taxuzko koordenatu batzuetan mugitzeko. Administrazioa momentuz ikuspuntu egozentriko batean sartua dago, berea besterik ikusten ez duela, bere eskuhartze edota eskuhartze-ezaren ondorioz gertatzen edo gertatzeko arriskuan dagoenari jaramonik egin gabe. Urtetako Haur Eskolak ixten badira, noren ardura izango da? Diputazioak ez direla bereak dio, Hezkuntzak, berriz, inoiz ez direla bereak izan.
ESKORIATZAKO IRAKASLE ESKOLA.
Eskola honen izenean Nerea Alzolak segidako ikuspuntua azaldu du: Euskal Herrian bizitzeak alderdi askotan pribilegiatuak eta aberatsak garela sentiarazten digu. Toki askotan elikatzeko eskubidea zapalduta eta ukatuta dagoela jakinda, ia larritasuna ematen digu intimitaterako eskubidea erreibindikatzeak.

Rawls-ek zera diosku eta oso interesgarritzat jotzen dugu autore honen teoria: «Hezkuntzarako baliabideak ez dira produkzio-ahalmen gisa errenditu dezaketenaren arabera bakarrik banatuko nahitaez, baizik eta hiritarren bizitza pertsonala eta soziala, baita behartsuenena ere, aberasten duten bitarteko gisa duten balioa ere kontuan hartuta. Gizarteak aurrera egiten duen heinean, iritzi horrek gero eta garrantzi handiagoa hartzen du».

Dirudienez, hezkuntza komunitateak —zentzurik zabalenean hartuta— adostasun batzuk lortu ditu eta Brunerrenak moduko proposamenak nahikoa onartuta eta integratuta daude, gutxienez teorian.

Gizakia "homo docens" gisa eta ez "homo sapiens" gisa ulertzeko, kontuan izan behar da kulturaren forma eta tresnak erabiltzea eta menperatzea ez dela adimen handiagoaren kontua, baizik eta korapilatsuagoa dela, hain zuzen ere, gizakiok egoera mentalak subjetiboki konpartitzeko ditugun aukerekin zerikusia duen zerbait. Horri esker, hots, besteak eskaintzen digun laguntza eta gidari esker, hezkuntza eta, azken buruan, inguratzen gaituen munduaren eraikuntza bidegarria da.

Horrela bada, trukaketa eta elkarreragin soziala funtsezkoa dira humanizaziorako. Aldamioak emateak hauxe esan nahi du: eraikuntza interaktiboaren prozesuari hurrengo mailara segurtasunez mugitzea ahalbidetuko dioten euskarriak sortzea.

Halaber, badakigu gizarte eta kultur aldaketek duela urte batzuetakoa ez bezalako bizimodua dakarkietela haurrei. Gaur egun haurtzaroari arreta egokia eskaintzeko behar-beharrezkoa da gure gizartean garapen-inguru oso zainduak eta seguruak izatea.

Haur Hezkuntza ez da gurasoek lan egiten dutelako seme-alabei ezin erantzun ahal izatearen ondorio gisa ulertu behar. Hala berean, hezkuntza ez da gure gizartearen luxu bat, nahiz eta beste egoerekin konparatuz horrela dirudien, ezta gurasoek beren erantzukizunei uko egitea ere, haurrek beren bizitza eta garapena eremu bermatu eta komenigarrian bizitzeko duten eskubidea baizik. Interesatzen zaiguna zera da: haurra bizi deneko hezkuntza-eremuak, bere garapen integrala sustatuko duen inguru fisiko eta afektibo egokia eskaini behar dio.

Haur Eskolak gai izan behar du haurrek hartzen dituzten ekarpen ezberdinak jasotzeko; haurraren eta kulturaren artean bitartekari izan behar du, eta aldi berean, haurrei kultura-sortzaile izaten lagundu.

LOGSEk definitzen duenez, Haur Hezkuntza hezkuntza sistemaren etapa bat da. Beraz, ez da gero eskolaratzen denerako prestakuntza, ondo zaindu behar den haurraren hezkuntzako une garrantzitsua baizik, inbertsio pertsonal eta sozial handia baita. Hau da, Haur Hezkuntzak haur guztien eskura egongo den zerbitzua izan behar du eta honako ezaugarriak izan behar ditu: haurraren eta familiaren beharrei egokituta egotea, haurren garapena sustatzea eta interes eta behar guztiei erantzutea.

Oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaigu Haur Hezkuntza haur guztien eskubidea dela berriro aldarrikatzea.

Haurrak zaintzeko era batzuek ez dute errespetatzen haurren eskubide hori.

Haur guztiek dute hezkuntzarako eskubidea, baina kalitatezko hezkuntzarako, jakina. Zenbat eta txikiagoak diren, orduan eta hezkuntza kalitate handiagoa behar dute. Eta familia inguruan zenbat eta gabezia handiagoak izan, orduan eta gehiago zor die gizarteak.
ADARRA PEDAGOGI ERAKUNDEA.
Bilboko Haur Hezkuntza lantaldeak 2 urteko haurren eskolaratze prozesuari buruz oraindik alderdi batzuk argitu barik daudenaren ustez honako ikuspegia azaldu du.

Baina non daude eskolaratze honen emaitzak? Zein da Hezkuntza Sailaren asmoa? Non daude ikuskaritzak egindako datu bilketaren ondorioak? Nolako etorkizuna ikusten dute Haur Eskolen Koordinakundekoek?

Pilota guztiak ez ditugu Administrazioaren teilatura bota behar eta irakasleon arduren hausnarketa eta eztabaida errazteko idatzi dugu artikulutxo hau.
LEHENENGO ZIKLOAREN KOKAPENA.
LOGSEk etapa hezitzaile bezala definitzen du Haur Hezkuntza, hau da, 0-6 urte bitarteko etapa. Etapa hau bi ziklo ezberdinetan banatuta dago; alde batetik, 0-3 zikloa eta bestetik, 3-6 zikloa.

Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren zikloa, gutxi gorabehera azken hamabost urtetan eskoletan zabalduta badago ere, lehenengo zikloaren egoera zeharo berezia izan da.

0-3 ziklorako erantzukizuna titularitate ezberdinen menpe egon da eta egoera honek ezaugarri ezberdinak izan ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan. Honela, haur eskola pribatuak, publikoa, kooperatibak eta BBK aurrezki kutxakoak aurkitzen ditugu gaur egun herri ezberdinetan.

0-3 urteko haurren eskolatzea % 21,7 bazen 1993an, gaur egun % 85 bi urteko haur eskoletan daude. Bizkaian bakarrik, sare publikoan noski, 200 gela inguru zabaldu dira azken urteetan. Datu honek ez luke negatiboa izan behar, baina egoera honen helburua, marko normatiboa eta ondorioak argi ikusten ez ditugunez, kezkatuta gaude.

Bestetik, egoera hau gure Autonomia Erkidegoan baino ez da zabaldu, eta emandako arrazoien artean batzuk aipa ditzakegu: jaiotze tasaren jaitsiera, sareen arteko norgehiagoka, irakasleen lanpostuak mantentzeko saioa, eskolaren etorkizuna ziurtatzeko asmoa, herrian edo auzoan haur eskolarik ez egotea (bistan dago ez dela beti egia izan).

Lehenengo eta behin, zera salatu behar da: zikloaren izaera apurtu egin dela zikloari osotasunean ez zaiolako erantzunik ematen. Bestalde, lehendik funtzionamenduan dagoen 0-3 Haur Eskolen sarea ez da jaso gizarteak eskatzen duen zerbitzua ongi eskaini eta landu arren. Ez zaio hezkuntzan sartzeko aukerarik eman oraindik, alderantziz, konpetentzia zorrotza ezarri baizik


Fuente: http://www.argia.com/

Hezkuntza librea


Hezkuntza librea denetik duen lapikoa da, eta terminologiak, agian, ez du argi gehiegi ematen. Laburbiltzeko, hezkuntza libre esaten zaio ohiko hezkuntzatik kanpo dagoenari. Badira eskola libreak, edo beren burua hala aldarrikatzen dutenak bederen, badira halaber seme-alabak familian hezitzea erabaki duten gurasoak. Euskal Herrian ez dugu ez bateko ez besteko gehiegi, eta dagoen apurra ere, gehienetan, erdi-ezkutuan ari da, Hegoaldean behinik behin ez dute legea alde. Batzuen eta besteen metodologiak desberdinak izan arren, askok kritika zorrotza egiten diote indarrean dagoen hezkuntza sistemari. Hala, betidaniko eskola ez litzateke ezer ikasteko lekurik aproposena.
 
Hezkuntza librea (Dani Blanco)
Historiako une orotan, eta jendarte guztietan, hezkuntza existitu egin da. Gure arbaso zaharrenek, alabaina, ez zeukaten kotzeptu hori gogoan. Hezkuntza berez gertatzen zen, irakasle, eskola eta pedagogia doktrinarik gabe. Inork ez zekin hezitzen ari zela, edo hezitua izaten ari zela, ideia horren beharrik ere ez zuelako. Planifikazioa, sistematizazioa, heziketa kontzientea, geroago etorri ziren. Orain dela 60ren bat mende sortu ziren lehenengo eskolak. Aurreneko ziblizazioen eskutik alegia. Geroztik, erabateko lotura izan da eskolaren eta zibilizazioaren artean. Hori bai, zibilizazioari “estatu” deitzen zaio orain.
Hezkuntza eskubide unibertsaltzat jotzen da, eskubide unibertsalak zerrenda batean idazteko premia dugunetik. Eta beste zenbait eskubiderekin gertatzen den bezala, betebehar bihurtu da, ezin diogu uko egin. Botere publikoak hartu du bere gain hala izan dadin segurtatzea. Gure bizitzaren zati batean behintzat, ikasteko eskubidea eta eraz beharra dugu denok. Dena dela, bost axola legeek kasu honetan diotena: edonola ikastera kondenatuta gaude, ikasteko grina gure ezaugari nagusietakoa baita. Geneetan daramagu iltzatuta.
Hezkuntza librea aldarrikatzen duten askoren ustez, ordea, eskolak –gaur egungo eskola konbentzionala uler bedi beti ere–, ez digu gehiegi laguntzen berezkoa dugun grina hori asetzeko orduan, beraren zeregina horixe behar lukeen arren. Aitzitik, sarritan gure geneen aldarriak isilarazteko gauza ere bihurtu da hezkuntza sistema modernoa. Eskolak ikasteko gogoa kentzen omen digu, horra paradoxa. Kritika horrekin batera, edo horren ondorioz hobeto esanda, alternatiba bat eskaintzen duten pedagogia korronteak, eskola berritzaileak eta jite bereko hainbat mugimendu sortu dira. Batzuek badute pare bat mendeko ibilbidea, hau ez baita atzo goizeko kontua.
Beste herrialde batzuetan aspaldikoak izan arren, Euskal Herrian berri samarrak ditugu eskola libreak. Horietako bat, iaz sortua, Trokonizko (Araba) Geroa eskola dugu. “Eskola arruntak eragiten digun sentsazio txarrak bultzatu gaitu hona”, dio Elio Montecuccok, eskolako guraso eta sustatzaileetako batek. “Ez dugu arazorik, oro har, bertan lan egiten dutenekin, sistemarekin baizik, publiko nahiz pribatua izan. Biak ia berdinak dira”.
Geroa Waldorf eskola sarean dago, eta izen bereko pedagogia metodoan oinarritzen da. Rudolf Steiner austriarrak sortu zuen Waldorf pedagogia, filosofia zabalago baten baitan, eta Europako herrialde askotan arrakasta handia du aspaldidanik. Alemanian, berbarako, ehundik gora Waldorf eskola daude. Euskal Herrian, momentuz, Geroa da bakarra, beste haurtzaindegi bi dauden arren, biak Araban baita ere.
Geroako irakasle Pepe Pagaldairen esanetan, “oinarria umearenganako errespetua da, baina letra larriz idatzita. Umea pertsona modura hartzea, eta kontuan izatea zein unetan dagoen”. Beste alde bat nabarmendu du Pagaldaik: “Ia 30 urte eman ditut irakaskuntza publikoan, eta han edukiak ematen genituen zergatia jakin gabe, ministerioak hala agintzen zuelako, eta kito. Hemen, berriz, denak dauka arrazoi bat, badakigu zergatik irakasten den gauza bakoitza eta zergatik momentu horretan”. Argi utzi nahi dute, hala ere, ez dutela beste inongo hezkuntza motaren aurkako kritikarik egin nahi.
Waldorf pedagogian ez dago tokirik testu-liburuetarako, ez etxeko lanetarako, ez azterketetarako. Oro har, ez dago tokirik Elio Montecuccok eskola arruntean antzematen duen gaitz behinenetako baterako: presioa. Esku-lanek berebiziko garrantzia daukate, eta eskola, ahala dela behintzat, eremu naturalean egoten da kokatuta. Natura ukitu eta sentitu behar baitute haurrek, dio Pagaldaik, liburuak ez daitezela izan hura ezagutzeko bide bakarra. Edukiak emateko modua oso bestelakoa dute, eta arreta berezia eskaintzen dizkiete trebetasun sozial eta artistikoei.
Beste eskola libre batzuk harago doaz. Eta horrexegatik hain zuzen, Euskal Herrian daudenetatik ez dugu hemen bakar bat ere aipatuko –ez dira asko egia esatera–. Beren planteamenduak txertaezinak dira irakaskuntzari buruzko legeetan, eta komunikabideetan agertzea da gutxien komeni zaiena.
Eskola horien oinarri teorikoak aski ezagunak dira munduan barrena, eta haietatik abiatuz ekimen ugari sortu da han-hemen, horiek bai aipatzeko modukoak. Ezaguna da, konparazio baterako, Sumer Hill eskola, 20ko hamarkadan Ingalaterran jaioa. Beste adibide bat AEBetako Clonlara dugu, baina horri arreta berezia eskainiko diogu geroxeago.
Jolastuz ikasten da
Sormen-hezkuntzak ezartzen duen bigarren baldintza jolasa da. Ikastea jolastea da, eta horretan bat datoz hezkuntza libre izendapenak biltzen dituen mugimendu guztiak. “Jolasa da naturak eman digun tresna ikertzeko, aurkitzeko, ingurura egokitzeko. Lan egin, jolastu, ikertu hitzak ia guztiz sinonimoak dira”. Hortaz, ikaskuntza emozioetatik baizik ezin daiteke abiatu, alegia, jakinminetik, eta kanpotik datozkigunak memorizazio saio hutsak izango dira. Hutsak, eta hutsalak. Castrok aitortu egiten du urtetan sinetsi duela irakaskuntza-ikaskuntza binomioan, “baina azkenean ohartu egin naiz antinomioa dela”. Ikastea norberak egiten duen zerbait da, eta hezitzaileak ezin du sekula irakatsi, lagundu baizik. Eskola arruntean egiten dena, hau da, une bakoitzean ume guztiek gauza bera ikasi beharra, ikasketa prozesu naturalaren aurkakoa litzateke honenbestez. Castroren esanetan, “Industria Iraultzaz geroztik eskolaren zeregin nagusia obeditzen irakastea da, eta lanerako trebakuntza ematea. Lehen, fabriketako lana nola egin irakasten zieten etxaldeetatik hirietara heldu berriak ziren haur saldoei. Gaur egun zer behar da lanerako? Ordenagailuak erabiltzen jakitea? Bada, hortxe dituzu ordenagailuak, ikasgeletan”.

Jolasaren garrantzia azpimarratzeko, Claudio Naranjo txiletar filosofoak –hainbat lan argitaratu du eskola eredua goitik behera iraultzearen alde– zera dio: “Gaur egun frogatuta dago jolasteko grina erreprimitzeak kalte egiten diola garunari, izan baitira jolasaren bidez aktibatzen diren sinapsiak –nerbio sistemako zelulen arteko lotuneak–, gerora galdu egiten direnak”. Biologiak halaxe azatzen du haur batentzat jolasak daukan ezinbestekotasuna. Ez dakigu sinapsiei buruzko ikerketak ezagutzen dituzten, baina horrekin bat datoz Geroako Pepe Pagaldai eta Tximeletako Mertxe Blanco. Biek hala biek azpimarratzen dutenez, eskolaren zereginetako bat umeari jolasteko material egokiak ematea da.
Espazioaren antolaketa
Blancoren ustez, benetako eskola libre batean –eta badira munduan hainbat adibide, Euskal Herriko bakanak barne–, espazioaren antolakuntzak ez dauka zerikusirik ohiko ikasgela arruntenarekin. Aitzitik, umeak askatasun osoz dabiltza propio prestaturiko gune desberdinetan. Hemen gorputz-ariketak egiteko aukera izango dute, hor esku-lanak, han liburuak dituzte eskuragarri. Bakoitzak nahi duena, nahi duen unean eta nahi beste denboraz. “Hezitzaileak, berriz, lagundu egiten du batik bat –dio Blancok–. Haren lan nagusia behatzea da, adi egotea, eta behar den kasuetan umearen lana erraztea, baina haren beharrei aurre hartu gabe. Hori baita, zoritxarrez, helduok gehienetan egiten duguna”.
Blancok deskribatutakoa bezalako giroa antzemango genuke, adibidez, AEBetako Clonlara eskolan sartzeko aukerarik bagenu. Pat Montgomery irakasleak sortu zuen 1967an, hainbat urtez irakaskuntza publikoan jardun ostean. Helburu nagusia umea pertsona bete eta zoriontsua izatea da, haren interes eta nahiei erantzunez. Halaxe azaldu digu Xavier Alà-k, Clonlarak Espainiako Estatuan daukan bulegoko arduadunak. “1979an, Montgomeryk etxean lantzeko ikas-programa garatu zuen, eta gutxika-gutxika nazioartean zabaldu zen programa hori. Gaur egun mundu osoko 25 herrialdetan dago”. Espainiako Estatuan badira beraz Clonlaran matrikulatutako ikasleak, baina euren etxeetan ikasten dute. Eta horrek hezkuntza librearen beste alderdi batera garamatza.
Xavier Alà ALE espainiar elkarteko kidea ere bada. Alegia, Asociación para la Libre Educación (Hezkuntza Librerako Elkartea). “Beharbada ‘libre’ hitza ez da egokiena hemen”, aitortu du irakasle katalanak. Egokiagoa litzateke, beraren ustez, familia hezkuntza. “Ingelesez badago kontzeptua ondo definitzen duen hitza: homeschooling. ‘Home’ ez baita etxea bakarrik. Ez dugu ulertu behar familia batzuek umeak etxean hezitzea hautatu dutela, besterik gabe. Zerbait zabalagoa da: euren seme-alaben hezkuntza estatuaren esku ez uztea erabaki dute, baina horrek ez du esan nahi den-dena etxean egiten dutenik. Kontuak kontu, familia batzuen hautua da, besteena bezain zilegia”. Ez beti legezkoa, ikusiko denez.
Familian heztearen abantailak
Homeschoolinga legezkoa da Europako herrialde gehienetan eta AEBetan. Atlantikoaz bestaldean bi milioi inguru homeschooler dago, eta agidanez, unibertsitateak irrikan daude halako ikasleak beren altzoetan hartzeko. Bestela esanda, inongo eskolatara joan gabe hezi diren ikasleak besteak bezain trebeak dira edozein arlotan, eta trebeagoak zenbaitzutan, Xavier Alàren hitzetan. Esaterako, sozializazio gaitasun handiagoa dute, jende gehienak kontrakoa uste duen arren. “Eskolan, umeek beren adinekoekin baizik ez dituzte garatzen harremanak. Familian hezitzen direnek, berriz, belaunaldi guztietakoekin”. Gainera, arima kritikoagoa eta informazioa erabiltzeko gaitasun handiagoa dute. Helduagoak dira, labur esanda.
Europar Batasun osoan, herrialde bitan baino ez dago debekatuta familian heztea: Alemanian eta Espainian. Bigarrenari dagokionez, Hezkuntza Ministerioko ordezkari batek adierazi digu eskolara joatea derrigorrezkoa dela, “umearen heziketaren zati garrantzitsua den heinean”. Hala, ez da harritzekoa Hego Euskal Herrian hautu hori egin dutenek uzkur agertzea komunikabideekin hitz egiteko garaian. Bada salbuespenik, hala ere. Ketty Sánchez irundarra (Gipuzkoa) eta haren senarra orain gutxi izan dira hizpide, aurten beren lau seme-alabak eskolatik atera eta euren kabuz heztea erabaki dutelako. Hori dela-eta, epaituak izango dira laster.
“Ez gara legez kanpoko ezer egiten ari”, aldarrikatu du Sánchezek. Bera ere ALEko kidea da, eta elkarteak homeschoolinga arautu dadin egin dituen ahaleginen berri eman digu. “Gure inguruko herrialde guztietan legezkoa bada, zergatik hemen ez?”. Hala, proposamena helarazi diete erakunde publikoei, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Espainiako Konstituzioa alde dutela dio ALEk, seme-alabek zer hezkuntza mota jasoko duten aukeratzeko eskubidea aitortzen baitie gurasoei. Onartzen dute, beti ere, umeak heziketa egokia jasotzen ari direla nola edo hala kontrolatu beharra, Frantziako Estatuan egiten den bezala. Legeak 1882tik aitortzen die frantziar umeei ez eskolaratzeko eskubidea. 125 urte geroago, Sarkozy presidentea eskolatu gabeko emakume bat bere gobernuan sartzekotan omen dabil, Xavier Alàk dioenez. “Emakume hori itsasontzi batean izan zen hezia, gurasoekin munduko itzulia egiten zuen bitartean”. Zailagoa dirudi hezkuntza itzulikatzea.

Unai Brea


Fuente:  http://www.argia.com/

XXI.mendeko hezkuntza.

Laburbilduz, XXI. mendeko eskolak (haur eskolak) nolako xedeak bete beharko lituzkeen aztertu beharko duzue. Horretarako eskolarekin kritiko diren zenbait ikuspegi eskaini ditugu, hala nola egungo krisi egoeraren analisi laburra. Iturri osagarriak bilatu beharko dituzue eta zuen proposamena landu eta adierazi.


Historian zehar hainbat hezkuntza sistema mota desberdinak egon dira. Garai horietan oso emakume gutxi jaso izan zuten hezkuntza baten bat, eta jaso zuten apurrek nobleziakoak izan ohi ziren. Hasieran hezkuntza nobleentzako bakarra zegoen, gizonek bereganatzen zuten hezkuntzaren garrantzi osoa. 1812. urtean konstituzio liberalarekin aldaketa bat ailegatu zen hezkuntza eskubidea bi sexuentzat emanez. Frankismo garaian hezkuntza elizaren menpe geratu zen gobernatzeko orduan beti presente zegoelako. Diktadura amaitzean demokraziaren sorrera ailegatu zen, eskola publikoak eta klase mistoak ezarriz.

Egungo hezkuntza gobernuaren menpe dago, horrek inplikatzen duena, egiten dituzten aldaketak jasatea onak ala txarrak izanda. Haiek eskoletako gertaerak oso urruneko ikuspegitik ikusten dituzte. Azken finean, beraiek ikusten duten bakarra azterketen emaitzak dira. Irakasleek dira hobetzeko bakarrak izan behar duten eskubidea; beraiek geletan daudelako ikasleen alboan.

Homeschooling mugimenduan zentratuz, esan beharra dago gure ustez ez dela oso onuragarria umeentzako. Haien kuriositatea sustatzeko beraien parekoekin egotea komenigarria da. Alde batetik, liburuen bidez badakigu informazio barneratu ahal dugula baina ezinbestekoak dira norbaiten azalpenak. Ikastearekin ulertzen dugu ez bakarrik liburuetan agertzen dena “ikastea”, baizik eta baloreak eta sentimenduak garatzea baita. Etxeetan nahi ditugun baloreak irakatsi ahal dizkiegu (gobernuaren aldaketak egokiak ez badira) gure ideologiarekin bat egiteko.

Egia da metodo honen bidez merkeagoa egiten dela umeen hezkuntza eta gaur egun dirua aurrezteko komenigarria dela, baina lanpostu on bat lortzeko gobernuak ezarritako pausoak jarraitu behar dira. Horrezkero, etxeetan ikasitako umeen irtenbide bakarra unibertsitate pribatuetan ikastea da, haien etorkizuna landuz.

lunes, 24 de septiembre de 2012

Aurkezpena

Guk,  haur hezkuntza graduko hiru ikasle gara; Andrea, Nerea eta Eider. Honako blogan klasean burututako ekintzak isladatuko ditugu. Gasteizko magisteritza unibertsitatean gaude eta zuen gustokoa izatea espero dugu.